Open Dataren inguruko berriak

Albiste, artikulu eta berrien bilatzailea

Open Data Euskadik Linked Open Data azpiegitura berria estreinatu du, Gobernu Irekiaren astearen harira

egilea: Open Data Euskadiko taldea, 

2016aren amaieran, Open Data Euskadin elkarri lotutako datuak (Linked Data) eskaintzeko proiektua abiatu genuen. Honako hauek izan dira asmo handiko proiektu horren xede nagusiak:

  • Open Data Euskadin Linked Open Data plataforma abiaraztea.
  • Hainbat datu-multzo formatu semantikoetan erakustea plataforma horretan.

Proiektuak oinarriak jarri ditu, Open Data Euskadiko datuen zati handi bat pixkanaka erabilgarri egon dadin elkarri lotutako datu gisa, erabilgarritasuna esponentzialki biderkatzeko moduan.

Open Gov Week ekimena (Gobernu Irekiaren Astea) baliatu nahi izan dugu proiektua abiarazi eta azken hilabeteetan egindako lan guztia ezagutzera emateko.

Linked Open Data plataforma

Linked Datarako 5 urrats - Edukia ingelesez dago2013an proiektu pilotu bat egin genuen, eta, horren barruan, zenbait datu-multzo argitaratu genituen RDFn, eta Sparql kontsulta-gunea ireki, datu horietara iristeko. Hala ere, aste honetan eman dugu elkarri lotutako datuak argitaratzen hastea ahalbidetuko digun plataforma teknologikoa ezartzeko behin betiko urratsa.

Ez dago zalantzarik: web semantikoa ez da formatu huts bat (RDF / JSON-LD...), ez eta tresna teknologikoen multzo soila ere (Store hirukoitza, SPARQL endpoint eta abar), elkarri lotutako datuak argitaratu nahi baititu. Horretarako, normalizazio-ahalegin izugarria egin behar da, erreferentzia bakar eta komunen biltegiak sortu behar dira, eta datuen arteko loturak identifikatu behar dira.

Aurreko ahalegin funtzionala egin gabe, zabalpen teknologikoak ez dauka inolako zentzurik, zerbitzua erabili gabe geratuko litzateke-eta.

Ondorioz, Linked Open Data azpiegitura ezarri aurretik, Open Data Euskadin elkarri lotutako datuak argitaratzeko oinarriak jarri dituen estrategia zehaztu behar izan dugu:

  • URIen politika, Euskadi.eus-eko bitartekoetarako.
  • Edukiaren negoziazioa.
  • Datu-multzoak grafoetan antolatzeko modua.
  • Ontologien identifikazioa.
  • Web semantikoarekin lotura duten teknologien hautua, eta Linked Open Data, elkarri lotutako datuak erakusteko: Store hirukoitza, hirukoetarako sarbidea, SPARQL kontsultetarako interfazea eta abar.
  • URIak eta horien loturak kudeatzeko eta bideratzeko tresnen garapen propioa.

Proiektuari buruzko informazio tekniko gehiago

Sparql gunea

Euskadiko araudian elkarri loturiko datuak

Honek ez luke zentzurik edukiko, plataforma ez balitz datuez elikatuko eta datu horiek elkarren artean eta beste iturri batzuetako datu-multzoekin elkarlotuko ez balira. Lehen urrats gisara, Euskadiko araudiko datuak kargatu ditugu plataforman; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratzen ditu datuok, eta Legegunea webean aurki daitezke:

Europako Legeriaren Identifikatzailea (ELI)

Eusko Jaurlaritzaren araudi osoa jaso da ELI ontologia normalizatuan, eta Open Data Euskadiren Linked Open Data azpiegituran kargatu da. Hortaz, hemendik aurrera, baliabide berezi horiekin lot daiteke arau bat aipatzen duen edozein baliabide.

Europar Batasunak sustatu duen proiektu batean sortu da ELI ontologia, eta Europako Legeriaren Identifikatzailea (ELI) izena dauka. Legeriara formatu normalizatu batean linean sartzeko sistema da ELI, mugen gainetik aurkitu, trukatu eta berrerabili ahal izan dadin. Ekimena, EBko herrialdeek eta erakundeek elkarrekin abiarazi dutena, Kontseiluaren 2017ko azaroaren 6ko ondorioetan (Europako Legeriaren Identifikatzaileari buruzkoetan) ageri da berariaz aipatuta (2017/C 441/05). EBko herrialdeen arteko borondatezko akordio batean oinarritzen da ELI. Honako hauei buruzko zehaztapen teknikoak jasotzen ditu:

  • Lege-informazioaren web-identifikatzaileak (URI).
  • Lege-informazioa azaltzeko modua zehazten duten metadatuak.
  • Legeria irakurketa mekanikoko formatuetan trukatzeko mintzaira espezifikoa.

Egindako ahaleginaren ondorioz, Eusko Jaurlaritza izan da estatuan ELI ezarri duen lehenengo administrazioa, eta aurrea hartu die gobernu zentralak ezarritako epeei.

Hurrengo urratsak

Orain hasi dugun bidea datuak irekitzeko estrategiaren hasiera baino ez da, zeina aste honetan abiarazi dugun, epe luzera begira. Hori dela-eta, datu gehiago elkarlotzen jarraituko dugu eta Linked Open Data plataformara sartzen:

Egin nahi diguzuen edozein iruzkin izango da ongietorria. Datu publikoen sustapenean eta zabalpenean norabide egokian aurrera egitea lortuko dugu guztion laguntzarekin.

Euskadi, auzolana