Datu irekiei buruz

Datu irekien kontzeptua (open data ingelesez) filosofia eta praktika bat da, datu mota zehatz batzuk modu librean herritar guztientzat eskuragarri egon behar dutela aldarrikatzen eta bultzatzen duena, egile-eskubide, patente edo bestelako kontrol-tresnaren bidezko murrizketarik gabe (Iturria: Wikipedia).

Open Data, batez ere, herri-administrazioen datuei buruz ari da, beraien datuak diru publikoarekin lortu eta kudeatzen baitira, eta ondorioz, herritar eta enpresentzat eskuragarri egon beharko lukete horietatik etekina atera dezaten.

Nori interesa dakizkioke datuak

Eusko Jaurlaritzak datuak publikatzen ditu berrerabiltzeko moduan, hirugarrenek datu horietatik eratorritako zerbitzuak sortzeko:

  1. Ekimen pribatuak: helburu komertzialeko zerbitzuak, herritarrentzat balioa sortzen laguntzen dutenak.
  2. Beste administrazio publiko batzuk: herritarrentzako zerbitzu horizontal erabilgarriak, administrazio eskudunetatik datorren informazioarekin.
  3. Administrazio publikoen gardentasuna bultzatzeko interesa duten eragileak: kudeaketa publikoa aztertzeko eta ebaluatzeko ekimenak.

Helburuak

  1. Balioa eta aberastasuna sortzea: Enpresek, infobitartekariek eta, oro har, herritarrek datuetatik eratorritako produktuak lortuz.
  2. Gardentasuna Administrazio Publikoan: Eskuragarri jarritako datuak berrerabiltzeko aukera emanez, kudeaketa publikoa aztertzeko eta ebaluatzeko.
  3. Administrazioen arteko lankidetza: Herritarrentzat administrazio publikoen datuak erabiltzen dituzten zerbitzuak sortzen lagunduz.
  4. Administrazioaren informazioaren barne-antolaketa: Dokumentazio eta datuen sailkapen eraginkorra bultzatuz.