Datu irekiak berrerabili
Open Data Euskadiren helburua da hirugarrenek datuetatik zerbitzuak sortzea.
Ikusgai jarritako datuak ikusi edo datu-multzo jakin bat aurkitu nahi baduzu, datu-bilatzailea erabiltzea da onena, milaka baititugu. Bilatzaile horretan, datu-motak eta eskura dauden formatuak iragaz ditzakezu.
Datuak berrerabiltzeko, kontuan izan behar duzu:
Erabilera-lizentzia
Normalean, erabilera-lizentzia irekien bidez eskaintzen dira datu-multzoak.
Hala eta guztiz, desberdintasun batzuk izaten dira, datu-motaren arabera. Hori dela eta, erabiltzeko baldintzak zehazten ditugu fitxa bakoitzean, betiere berrerabili ahal izateko.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak ikerketa juridikoa egin du Open Data Euskadi atarian publikatzen den informazioari buruz. Bertan, besteak beste, honako hau aztertzen da: araudia, berriro erabiltzeko eduki-motak eta modalitateak, eta eskuragarri dauden formatuak. Txosten juridikoa (PDF, 415 KB)
Informazio teknikoa
Open Data Euskadiko katalogoan dauden datuek ezaugarri tekniko eta formatu oso desberdinak dituzte, eta beraz, ezaguera eta ahalegin maila desberdinak eskatzen dituzte berrerabiltzerako orduan. Datu-multzoak talde desberdinetan sailka ditzakegu mota eta ezaugarri teknikoen arabera:
Estatistika-datu gehienak Excel eta csv formatuetan daude. Estatistika horietako gehienak EUSTATek (Euskal Estatistika Erakundea) argitaratzen baditu ere, badaude Lanbidek (Euskal Enplegu Zerbitzua), Osalanek eta Eusko Jaurlaritzako zenbait sailek argitaratutakoak ere.
EUSTATeko estatistikei dagokionez, haien datu-bankuan sar zaitezke kontsulta zehatzak egin edo datuak beste formatu batzuetan lortu nahi badituzu (PC-Axis, txt, prn, dbase, lotus).
Datu-multzoen talde garrantzitsu bat Euskadi.eus-en argitaratzen diren edukietatik dator. Eduki hauek oso ezberdinak dira: laguntzak eta diru-laguntzak, kontratuak, ekitaldiak, albisteak, turismoaren inguruko informazioa, araudia, etab. Interneten argitaratzen dira Eduki Kudeatzaile baten bitartez eta automatikoki Open Data Euskadin ere bai: Euskadi.eus-eko datuen zerrenda
Datu horiek formatu desberdinetan eskaintzen ditugu. Excel, xml eta json formatua duten artxiboek ez dauzkate datu guztiak, soilik garrantzitsuenatarikoak. Datu guztiak lortzeko Euskadi.eus-eko APIaren bidez sartu behar duzu, izan ere, APIarekin bilaketa emaitza zehatz bat pertsonaliza dezakezu, geroago xml formatuan datuetara sartzeko. APIaren bidez datu-multzo hauek berrerabiltzeko programazio ezaguerak beharrezkoak dira.
Euskadi.eus-eko bilatzailearen APIaren deskribapena irakurtzea gomendatzen dizugu.
Euskadi.eus-en azpiegiturarekin harremana duten beste dokumentu batzuk:
- Dokumentazio teknikoaren laburpena (pdf, 80 kb - gaztelelaniaz)
- Euskadi.eus-en edukien eredua eta eduki motaren araberako metadatu komunak eta partikularrak (pdf, 1,3 Mb - gaztelelaniaz)
- URLen egitura (pdf, 1,7 Mb - gaztelelaniaz)
- Dataseten fitxa deskribatzailea (pdf, 528 Kb - gaztelelaniaz)
- Euskadi.eus-eko bilatzailea eta bilaketen emaitzen berrerabiltzea (pdf, 748 Kb - gaztelelaniaz)
- Dataseten egitura (pdf, 424 kb - gaztelelaniaz)
Open Data Euskadi bezalako ekimenen helburu nagusia datu publikoak modu elkar eraginkorrean eta ahalik eta kalitate altuenarekin eskaintzea da, herritarrek eta bestelako erakundeek balio gehigarria duten zerbitzuak sortu eta analisiak egin ditzaten.
Open Data Euskadin Linked Open Data azpiegitura bat garatu dugu, eta bertan datu estekatuak gehitzen joateko asmoa daukagu:
Datu geografikoek izaera berezia dutenez, formatu espezifikoetan eskaintzen dira eta sarritan software berezia beharko duzu haiek berrerabiltzeko. Datu geografikoak erabiltzeko Geoeuskadi webgunearen laguntza ikustea edo dudak bidaltzeko haiekin harremanetan jartzea gomendatzen dizugu.
Euskadi.eus-en informazio asko dago eskuragarri negozio datu-base edo aplikazio bereizietatik datorrena, eta Open Data formatuetara esportatzeko beharrezkoa da aldizkakoak eta automatikoak diren prozesuak erabiltzea. Datu hauek honako ezaugarri hauek izan ohi dituzte:
- Sarri eguneratzen dira -batzuetan, denbora errealean-
- Formatuak: csv, Excel, xml.
- Batzuetan fitxategiak ZIP batean konprimitzen ditugu datu kopuru handiagatik; dena den, fitxategi bakoitzean sartzeko url iraunkorra mantentzen saiatzen gara.
Talde honetako datu-multzo batzuk: kontsumo uren kalitatea, airearen kalitatea, eguraldi datuak, trafiko gertaerak, polenaren neurketak, goi-kargudun eta erakunde publiko zein pribatuei buruzko datuak (Komunikazio Gida), ikastetxeei buruzko datuak, etab.
OpenApps Euskadi Euskadiko Administrazio Publikoen iturburu irekiko aplikazioen katalogoa da, eta bere helburua da aplikazioen erregistroa izatea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, erakunde autonomoek eta administrazio instituzionala osatzen duten zuzenbide pribatuko erakunde publikoek garatutakoena, hain zuzen ere.
Bere xedea da Europako hainbat ekimenekin bat eginik, aplikazio horien guztien iturburu kodea (eta erlazionatutako dokumentazioa) argitaratzea eta partekatzea, interesa duen edonork (beste administrazio bat, enpresa edo pertsona) berrerabil dezan.
Open Data Euskadiko katalogoak OpenApps-ek publikatutako aplikazioen zerrenda erakusten du.
Diru publikoarekin garatutako aplikazioen publikazioa errazteko asmoz, OpenApps Euskadik Aplikazioak OpenAppsen argitaratzeko gida (PDF, 484 KB) bat egin du, aplikazioak katalogoan publikatu nahi dituzten Eusko jaurlaritzako sail eta erakundeei zuzenduta.
Automatikoki eguneratzen ez diren datu multzo batzuk badauzkagu, honako ezaugarri hauek dituztenak:
- Formatu sinpleak dituzten datuak izan ohi dira: csv, Excel, Access edo LibreOffice.
- Eguneratze-aldizkotasun baxua (urtean behin) edo aldizkotasunik gabekoak.
- Eskuz eguneratzen ditugu: langile batek datuak eguneratu behar ditu.
Talde honetako datu-multzo batzuk: goi-kargudun eta behin-behineko langileen soldatak eta ordainsariak, Eusko Jaurlaritzaren ondarea, lanpostuen zerrenda, lan-egutegia, goi-kargudun eta behin-behineko langileen kopurua , hauteskundeak, hilkortasun atlasa, entziklopediak, itzulpen memoriak, aurrekontu orokorrak, jatorri kutsagarriak eta igorpenak, toponimia, argazki artxiboa, frankismo garaiko hobi komunak eta biktimak, etab.
Open Data Euskadiko katalogoak beste euskal administrazio publiko batzuetako datu multzoak ere erakusten ditu, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundikoak, Bilboko eta Gasteizko Udalarenak. Helburua da Euskadiko datu irekien katalogo publikoak pixkanaka gehitzen joatea, argitaratzen doazen heinean.
Open Data Euskadin integratutako foru edo toki administrazioetako datu multzoren batean arazo edo iradokizunik izatekotan, datuen arduraduna den administrazioarekin harremanetan jartzea gomendatzen dizugu, bere webguneko harrematerako formularioaren bidez (datuak deskribatzen dituen fitxan estekatuta dagoena).