Open Data Euskadiko APIak
Open Data Euskadik zenbait REST API (aplikazioak programatzeko interfazea) jarri ditu garatzaileen eskura, gehien eskatzen diren datu publikoen berrerabiltzea errazteko asmoz.
Euskalmeten APIa
Eguraldi-datuen APIak Euskalmet-ek argitaratutako datuetara sartzeko aukera ematen du. API honek, besteek ez bezala, doako erregistroa eskatzen du erabili ahal izateko.
Kultura-ekitaldien APIa (Kulturklik)
Kultura-ekitaldien APIak Kulturklik-ek argitaratutako kultura-ekitaldiei buruzko datuetara sartzeko aukera ematen du. Kultura-ekitaldi horien informazio-iturria Eusko Jaurlaritza, hiru foru-aldundiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburual dira.
Eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien APIa
Eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien APIak Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan argitaratutako datuetara sartzeko aukera ematen du. Ziurtagiri horien informazio-iturria Eusko Jaurlaritzako Industria arloa da.
Eraikinen ikuskaritza teknikoen APIa (Euskoregite)
Eraikinen Ikuskaritza Teknikoen APIak Euskoregite webgunean argitaratutako datuetara sarbidea ematen du, Euskadiko Eraikinen Ikuskaritza Teknikoari buruzko informazio eta kudeaketarako ataria. Datu horien informazio-iturria Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza arloa da.
Trafiko APIa
Trafiko APIak Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoaren egoerari buruzko datuetara sartzeko aukera ematen du. Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta Euskadiko hiru hiriburuetako udalen trafiko-kamerei, gorabeherei eta trafiko-dentsitateari buruzko datuak ematen ditu. APIan datu gehiago eta iturri publiko gehiago sartzeko lanean ari gara.
Udalerrien adierazleen APIa (Udalmap)
Udalmap-en APIak 200 udal-informazioko adierazle baino gehiagotara sarbidea ematen du. Adierazle horien helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan ekonomia eta lehiakortasunari, gizarte-kohesioari, bizi-kalitateari, ingurumenari eta mugikortasunari buruzko arloetan dagoen errealitatea xehetasunez azaltzea.
Airearen kalitatearen APIa
Airearen kalitatearen APIari esker, Eusko Jaurlaritzako Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak neurtutako kutsadura-mailari buruzko datuak lor daitezke. Datu horiek beste formatu batzuetan deskarga daitezke, Open Data Euskadi katalogoaren bidez eskuragarri dauden datu-multzoetan.
Polenaren neurketen APIa
Polenaren neurketen APIari esker, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erregistratutako polen-motei buruzko datuak lor daitezke. Datu horiek beste formatu batzuetan deskarga daitezke, Open Data Euskadi katalogoaren bidez eskuragarri dauden datu-multzoetan.
Pertsonen, erakundeen eta ekipamenduen APIa (Direktorioa)
Direktorioko APIak pertsonen (kargu publikoak), erakundeen (Eusko Jaurlaritzaren egitura eta mendeko erakundeak) eta ekipamendu publikoen harremanetarako datuetara sarbidea ematen du. Pixkanaka, erakunde publiko zein pribatuen datu gehiago sartuko dira (osasun-zentroak, elkarteak, fundazioak, etab.).
Administrazio-ekitaldien APIa
Administrazio-ekitaldien APIak Euskadiko administrazio publikoei lotutako ekitaldiei buruzko datuetara sartzeko aukera ematen du. Gaur egun, API honetan Euskal Autonomia Erkidegoko kontratu publikoen iragarkiak eta Eusko Jaurlaritzaren eta haren mendeko erakundeen sariak, laguntzak eta diru-laguntzak eta iragarkiak eskaintzen dira.
Emandako diru-laguntzen APIa
Emandako diru-laguntzen APIak Euskadiko administrazio publikoek banatutako diru-laguntzen onuradun eta zenbatekoen datuetara sartzeko aukera ematen du (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta EAEko 3 hiriburuen udaletxeak). API honetan ematen diren datuak emandako diru-laguntzen bilatzaileak ematen dituen berdinak dira.
APIen erabileran arazo teknikorik izatekotan idatz iezaguzu opendata@euskadi.eus helbidera.