Open Dataren inguruko berriak

Albiste, artikulu eta berrien bilatzailea

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Datuen Gobernantzarako Estrategia onartu du

Argitalpen-data: 

Gobernu Kontseiluak 2023ko abenduaren 19an onartu zuen akordioa.

Bingen Zupiria prentsaurrekoan
  • Ekimenak esparru komun bat sortzen du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarentzat, dauden datuak azkar, eraginkortasunez eta modu seguruan kudeatu, partekatu eta berrerabiltzeko, oraina aztertzeko eta etorkizunari begira erabakiak hartzeko balio ahal izateko
  • Datuak funtsezkoak dira berrikuntzarako, eraginkortasunerako eta erabakiak informatuta hartzeko 
  • Datuen Gobernantzarako Estrategiaren hedapena gidatuko duten printzipioak eta arauak manifestu etiko batean definituta daude.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak egindako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Datuen Gobernantzarako Estrategia. Ekimen honen helburua datuetan oinarritutako gobernu baterantz aurrera egitea da, datuen erabilera adimentsua orokortzeko, modu instituzionalizatu eta zeharkakoan. Gainera, baliagarria izango da lan prozesuak gidatzeko eta erabakiak hartzeko herritarrentzako politika eta zerbitzu publikoen kudeaketan.

Datuak gobernatzeko eredu globalik ez dagoenez, zaila da erakundeen eta sektoreen artean datuak partekatzea eta berrerabiltzea, eta datuak, eta gabezia horrek prozesuak integratzea zaildu egiten du. Euskal sektore publikoko sail, organismo eta erakundeen esku dagoen informazioa erabili ahal izateko beharrezkoa da esparru komun bat sortzea, ezagutza, datuak eta informazioa modu arin, azkar, efiziente, fidagarri eta seguruan partekatzeko, dauden siloak gaindituz eta sistema koordinatu eta elkarreragile bat lortuz. Honenbestez, datuaren estrategiari esker posible izango da, adibidez, datu meteorologikoak eta ingurumenekoak osasun eta mugikortasun datuekin lotu. Horri esker ezagutza berria sortu ahalko da eta joerak aurreikusi edo osasun edo irisgarritasun premiei buruzko iragarpenak egin.

Aurrerapen teknologikoek eta datuen eskuragarritasunak kudeaketa metodoak eraldatu dituzte, irtenbide berriak sortzen dituzte eta administrazio publikoak hartzen dituen erabakien errendimendua aurreikusteko eta neurtzeko aukera ematen dute.

Ildo horretan, Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen Datuen Gobernantzarako Estrategia urrats garrantzitsua da sektore publikoari gaitasun analitiko eta prediktibo handiak ematen baitizkio, beti ere datuetan oinarritutako erabakiak hartu ahal izateko.

Datuen Gobernantzarako Estrategia modu parte-hartzailean eta integratzailean egin da, eta, horretarako, Batzorde Tekniko bat eratu da, datuen kudeaketan inplikatuta dauden Eusko Jaurlaritzako administrazio organoetako pertsonek parte hartzeko. Ekimenak beharrezko tresnak sortzeko plangintza bat zehazten du (katalogoak, glosarioak, jarraibideak, protokoloak, baliabidea, aldaketaren kudeaketa...), bai eta koordinazio, jarraipen eta ebaluazio moduak ere.

Estrategiak bere garapena gidatuko duen antolaketa egitura bat sortzea aurreikusten du. Egitura hori Datuen zuzendariak osatuko du, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzaren titularra alegia. Pertsona hori izango da arduraduna, bai teknologiaren aldetik, bai negozioaren aldetik. Era berean, Datuaren Bulegoa maila teknikoan zuzentzeko ardura duen pertsona bat izango du. Eta, gainera, Datuaren Bulego bat eratuko du, datuak partekatzeko espazioak eta plataformak prestatzeko eta balio publikoa sortzen duten proiektuak garatzen lagunduko duena.

Datuen gobernantzaren adierazpen etikoa

EAEko sektore publikoko Datuen Gobernantza Estrategiaren hedapena gidatuko duten printzipioak eta arauak EAEko sektore publikoko datuen eta adimen artifizialeko sistemen gobernantzaren adierazpen etikoan daude definituta. Manifestu horrek ez du ordezkatzen datuei buruz indarrean dagoen araudia, parametro komunak eskaintzen baititu. Datuen eta adimen artifizialeko sistemen etikarako printzipioak eta jardunbide egokiak biltzen ditu: besteak beste, inklusibotasuna, irisgarritasuna, ekitatea, osotasuna eta diskriminaziorik eza.

Informazio gehigarria

Berriak

Últimos artículos Comunidad Open Data