Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko urriaren 5ekoa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez laguntzak emateko deialdia egiten baita, Flandria, Gales eta Korsikako eskualde estrategikoekiko lankidetza teknikoko proiektuak 2021-2022an egiteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 206
  • Hurrenkera-zk.: 5256
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/10/05
  • Argitaratze-data: 2021/10/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Instituzional

Testu legala

Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuak arautzen du Bazkide Estrategikoen Sareko kanpoko eskualdeekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzak ematea (2019ko apirilaren 1eko EHAA, 63. zk.).

Aipatutako dekretuaren 6. artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da laguntzak emateko deialdia egitea, 2021-2022an lankidetza-proiektuak egiteko kanpoko eskualde estrategiko batekin edo gehiagorekin; laguntza horiek Lehendakaritzako 2021erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude, zeina Lehendakaritzaren idazkari nagusiaren 2021eko otsailaren 18ko Ebazpenaren bidez onartu baitzen.

Flandria, Gales eta Korsika Europako eskualde estrategikoak dira, eta EAEk haiekin sinatu du elkar ulertzeko memorandum bat edo asmoen adierazpen bat, dekretuan jasota dagoen bezala. Deialdi hau da, hain zuzen, bi komunitateen onerako proiektuak eta ekintzak koordinatu eta gauzatzeko lankidetzaren zehaztapen bat, eta aipatutako memorandumean eta asmoen adierazpenean jasota dago.

Hori dela eta, honako hau

Ebazpen honen xedea da laguntzak emateko deialdia egitea, Flandria, Gales eta Korsikako Europako eskualde estrategikoetako pertsona juridikoekin egiten diren bi aldeko jarduera- eta lankidetza-proiektuak 2021-2022an finantzatzeko, honako hauetan jasotako gaiei buruz:

  1. EAEren eta Flandriaren artean 2015eko ekainaren 1ean sinatutako asmo-adierazpena:

    Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza (industria eta teknologia, osasuna, gizarte-politikak, genero-berdintasuna, sektore publikoaren kudeaketa, azpiegiturak eta garraioa).

    Lan-merkatua eta ekonomia-politika (lanbide-heziketa, produktibitate- eta lehiakortasun-politikak).

    Ingurumena (klima-aldaketa, uren, materialen eta hondakinen tratamendua, eta ingurumenarekin eta energia berriztagarriekin bateragarriak diren teknologiak).

    Osasuna (batez ere, zainketa kronikoak).

    Kultura- eta sormen-sektoreak.

    Kultura anitzeko gizarte tolerantea bultzatzea (bakea eraikitzea eta giza eskubideak errespetatzea).

    Europako eskualdeen papera indartuko duten ekimenak eta aliantzak.

  2. Euskadiren eta Galesen artean 2018ko uztailaren 12an sinatutako elkar ulertzeko memoranduma:

    Mugikortasuna eta garraioak (batez ere, trenbide-azpiegiturak eta -zerbitzuak).

    Ingurumena eta klima-aldaketa.

    Teknologia, berrikuntza eta lehiakortasuna.

    Itsas energiak.

    Nekazaritzako elikagaien industria.

    Hezkuntza eta prestakuntza.

    Zerga-estrategia eta -politika, zerga-administrazioaren politika, aurrekontu-kudeaketa eta gizarte-zerbitzuak.

    Osasuna eta Gizarte Laguntzako Zerbitzuak, balioetan eta zahartze aktibo eta osasungarrian oinarritutako arreta medikoa.

    Negozio-aukerak.

    Gizarte kulturanitza eta tolerantea bultzatzea (batez ere, hizkuntza-politikaren eta kultura-sektorearen sustapenaren arloan).

  3. Euskadik eta Korsikak 2021eko apirilaren 13an sinatutako elkar ulertzeko memoranduma.

    Euskararen eta korsikeraren hizkuntza-normalizaziorako politikak.

    Kanpoan bizi den diasporarekin edo kolektibitatearekin harremanak eta loturak izateko politikak.

    Lankidetza garatzea Europako gaien esparruan.

    Beste lankidetza batzuk interes komuneko eremuetan, hala nola kulturan, turismoan, politika ekonomikoan edo ingurumenean.

Kreditu osoa 40.000 eurokoa da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura, Flandria, Gales eta Korsikako Europako eskualde estrategikoekin 2021-2022rako lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzeko.

  1. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra garatzeko laguntza jaso ahalko du, aurkeztu daitezkeen eskabideen kopuruan mugarik jartzen ez bada ere.

  2. Proiektu bakoitzeko jaso daitekeen dirulaguntzaren zenbateko osoa ezin da izan 5.000 eurokoa baino handiagoa.

Kontzeptu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

  1. Diruz lagundu daitezkeen proiektuen arabera, Flandria, Gales eta Korsikako Europako eskualde estrategikoetara joan behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko pertsonen bidaia- eta egonaldi-gastuak:

    Proiektu bakoitzeko garraio-gastuak: hegazkin-txartelen edo beste edozein garraiobideren kostu erreala, gehienez ere 1.000 euro arte.

    Ostatu- eta otordu-gastuak, proiektuko: 180 euro egunean, 7 egunetan gehienez.

  2. Alde biko proiektuak egikaritzeko, sustatzeko eta hedatzeko gastuak, proiektu bakoitzeko jaso daitekeen dirulaguntzaren zenbateko osoa bete arte, 5.000 eurokoa dena, deialdi honen 3.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek telematikoki egingo dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1089604, hor eskuragarri baitaude kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko zehaztapenak, ereduak eta formularioak.

  2. Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  3. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  1. Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, Europako Gaietarako Zuzendaritza izango da laguntzaren organo kudeatzailea, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago; horrelakoetan, eskatzaileari eskatuko dio hamar eguneko epean agiri osagarriak bidaltzeko.

  2. Epe hori igaro eta gero (jakinarazpen-egunaren biharamunetik aurrera), eta eskatutako agiriak aurkeztu ez badira, eskaerari uko egiten diola ulertuko da, baldin eta lehenago ebazpena ematen bada Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusten diren baldintzetan.

Dirulaguntza-eskaerak martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 11.3 artikuluan aipatzen den ebaluazio-batzordeak aztertu eta ebaluatuko ditu, zeinak kide hauek izango baititu:

Batzordeburua: Myriam Larroulet Rotaeche, Kanpo Harremanetarako zuzendaria.

Bokala: Eloísa Susaeta Azcoitia, Europako Gaietarako Zuzendaritzako goi-mailako teknikaria.

Idazkaria: Iñaki Serrano Lasa, Europako Gaietarako Zuzendaritzako goi-mailako teknikaria.

Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoak dira ebaluazio-irizpideak.

2020an hasiera emango zaio proiektua egikaritzeko lanari, eta laguntza eman dela jakinarazi eta hurrengo hamabi hilabeteetan egikaritu beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Araudi hauek ezarritakoaren mende daude ebazpen honek aipatzen dituen laguntzak: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duena; eta 47/2019 Dekretua, martxoaren 26koa, Bazkide Estrategikoen Sareko kanpoko eskualdeekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzak ematea arautzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta hor argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Eta denek jakin dezaten, www.euskadi.eus helbidean ere argitaratuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 5a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana