Arautegia

Inprimatu

19/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, kanpoko praktikak eta master amaierako lanak egiteko auzitegi-analisiko unibertsitate-masterrean, eta farmazia-fakultateko auzitegi-analisiko doktorego-programan lankidetzan aritzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 31
  • Hurrenkera-zk.: 821
  • Xedapen-zk.: 19
  • Xedapen-data: 2020/01/29
  • Argitaratze-data: 2020/02/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Informazio etak komunikazioak; Sailak; Instituzional; Herrizaingoa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

Leioan, 2019ko azaroaren 21ean.

BILDURIK:

Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren bitartez (aurrerantzean, Segurtasun Saila), IFK S4833001C duela eta helbidea Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz (Araba), Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia Arróniz andreak ordezkatuta, egintza honetarako legitimazioa baitu Segurtasuneko sailburua izendatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 35/2016 Dekretuaren arabera (EHAA, 226. Zk., 2016-11-28).

Eta, bestetik, Euskal Herriko Unibertsitatea (aurrerantzean, EHU), IFK: Q4818001B, helbidea: Sarriena auzoa z/g, 48940 Leioa (Bizkaia), EHUko errektore den Nekane Balluerka Lasak ordezkatuta, egintza honetarako legitimazioa baitu hura izendatzeko abenduaren 27ko 250/2016 Dekretuaren arabera (EHAA, 7. zk., 2017-01-11).

Elkarri aitortzen diote behar den legezko ahalmena badutela hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau sinatzeko, eta honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa. EHU irakaskuntza, ikerketa eta garapen zientifiko-teknologikora bideratutako Zuzenbide Publikoko erakundea da, sektore eta diziplina anitzekoa.

Bigarrena. Erakunde laguntzailea da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Segurtasun Saila, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren segurtasun-politikaz arduratzen den organoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia (Ertzaintza) du bere eginkizunen eta jardun-arloen artean. Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuaren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera, Ertzaintzaren Zuzendaritza da Ertzaintzaren polizia judizialeko eta ikerketa kriminaleko egitekoei dagozkien lanak zuzentzeko ardura duen organoa. Era berean, polizia-antolamenduari, haren modernizazio profesionalari, jarduera-plan orokorrei eta kudeaketa- eta kontrol-sistemei buruzko azterlanak eta proiektuak sustatzeaz arduratzen da. Bere jarduerek ezagutza zientifikoko hainbat arlo hartzen dituzte.

Hirugarrena. Uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak aldatu egiten du urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua, unibertsitateko irakaskuntza ofizialen ordenamendua ezartzen duena. Azken horren 15.2 artikuluak jasotzen duenez, unibertsitateko irakaskuntza ofizialek barne hartu beharko dituzte, beste jarduera batzuen artean, lan gidatuak eta master amaierako lanak, Unibertsitate Masterrei dagozkien ikasketa ofizialen kasuan, behinik behin.

Laugarrena. EHUn master amaierako lana egiteari eta defendatzeari buruzko araudiak aukera ematen du master amaierako lana EHU ez den beste erakunde edo organismo batean garatzeko, zati batean edo osorik, betiere bertan aurreikusitako baldintzak betetzen badira, eta ezartzen du kasuan kasuko hitzarmena sinatu beharko dela kanpoko erakunde batekin lankidetzan master amaierako lana garatzeko eta/edo zuzentzeko.

Bosgarrena. 99/2011 Errege Dekretuaren 11. artikuluak eta hurrengoek arautzen dituzte doktorego-tesiaren ingurukoak. Era berean, aipatutako Errege Dekretuaren 8.2 artikuluaren arabera, doktorego-programek estatuko edo atzerriko I+G+B arloko jarduerak dituzten beste organismo, zentro, erakunde eta entitate batzuetako profesionalen eta ikertzaileen lankidetza izan dezakete, hitzarmen baten bidez adierazita.

Seigarrena. Indarrean dauden doktorego-programak kudeatzeko eta proposatzeko araudiek EHUtik kanpoko zuzendariek doktorego-tesien Zuzendaritzan parte hartzeko baldintzak arautzen dituzte, bai eta doktorego-tesien zuzendariek bete behar dituzten baldintzak ere.

Zazpigarrena. EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika akademikoak arautzen dituen Araudiak ezartzen duenez, kanpoko praktika akademikoak egin ahal izango dituzte Unibertsitateak edo hari atxikitako ikastetxeek emandako edozein irakaskuntzatan matrikulatutako ikasleek, eta, kanpoko praktika akademikoak egiteko, Unibertsitateak hezkuntza-lankidetzako hitzarmenak sinatuko ditu erakunde laguntzaileekin.

Zortzigarrena. Aurreko adierazpen horiek kontuan izanik, tarteko diren aldeen arteko lankidetza erakundetzeko asmoz, alde biek hitzarmen hau izenpetzeko behar den lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa. Xedea.

Hitzarmen honen xedea da EHUren eta Segurtasun Sailaren arteko lankidetza-programa bat ezartzea, masterreko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ditzaten; analisi forentseko unibertsitate-masterraren titulazioa lortzeko graduondoko ikasketen doktoregaiek eta doktorego-tesiek master amaierako lanak zuzendu ditzaten edota kanpoko praktikak egin ditzaten, edo EHUren Farmazia Fakultatean matrikulatutako ikasleek edota doktoregaiak analisi forentseko doktorego-programan aritu daitezen.

Horrela Segurtasun Saileko langileek, Ertzaintzako polizia zientifikoaren bitartez, irakaskuntza horietako ikasleek edo doktoregaiek egin beharreko prestakuntza-jarduerak garatzen lagundu ahal izango dute, indarrean dagoen araudian ezarritakoari kalterik egin gabe eta masterraren amaierako lanak eta doktorego-tesiak zuzentzeko eta egiteko baldintzen eta betekizunen arabera. Horrek guztiak Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Sailaren eta Masterraren edo Doktorego Programaren Batzorde Akademikoaren baimena izan beharko du.

Bigarrena. Konpromiso akademikoak eta administratiboak.

Jarduerak hasi baino lehen, hitzarmen honen I. eranskina sinatu beharko dute alde biek, eta bertan, gutxienez, datu hauek zehaztuko dira:

Dena delako master edo doktoregoko programa.

Master amaierako lana edo doktorego-tesia hasten den ikasturtea.

Ikaslearen edo doktoregaiaren datuak.

Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren departamentuko laborategia edo ikerketa-unitatea, master amaierako lana edo doktorego-tesia egiteko.

EHUko tutore akademikoa.

Master amaierako lanaren zuzendaria edo doktorego-tesiaren zuzendaria, Ertzaintzako Polizia Zientifikoko plantillakoa.

Master amaierako lana eta doktorego-tesia egiteko egutegiaren eta ordutegien proposamena.

Konfidentzialtasunari buruzko alderdiak.

Jabetza intelektualari edo industrialari buruzko alderdiak.

Hirugarrena. EHUren konpromiso espezifikoak.

EHUk konpromisoa hartzen du berariaz aipatzeko Segurtasun Sailaren lankidetza analisi forentseko unibertsitate-masterraren eta analisi forentseko doktorego-programaren garapenean, bai eta horiekin lotuta egindako jarduera guztietan ere.

Master eta doktoregoko irakaskuntzak arautzen dituen unibertsitate-araudiari buruzko informazioa emango dio Segurtasun Sailari.

EHUk hitzarmen honen edukien berri emango die ikasleei eta doktoregaiei.

EHUk konpromisoa hartzen du ikasleek eta doktoregaiek beren datuak lagatzea berariaz onar dezaten, 13. klausulan aurreikusitako ondorioetarako.

Laugarrena. Segurtasun sailaren konpromiso espezifikoak.

Konpromisoa hartzen du analisi forentseko unibertsitate masterrarekin eta analisi forentseko doktorego-programarekin lankidetzan aritzeko, praktiken instrukzioaren eta master amaierako lanen eta doktorego-tesien baterako Zuzendaritzaren edota tutoretzaren bidez, jarduera bakoitzerako sinatzen diren akordio espezifikoen arabera.

Arreta zenbat ikasleri eman diezaiokeen ezarriko du, eta ikasleek dagozkien jarduera akademikoak egitean instalazioetara eta baliabideetara zer sarbide mota izango duten zehaztuko du.

Master eta doktoregoko irakaskuntzak arautzen dituen indarreko unibertsitate-araudia betetzea.

Praktikak, master amaierako lanak eta garatu beharreko doktorego-tesiak behar bezala garatzeko beharrezko materiala eta azpiegiturak ematea, ikasle bakoitzari buruz adostutako baldintzetan.

Master amaierako lana edo doktorego-tesia egiteko behar den dokumentazioa eskuratzeko aukera ematea, ikasle bakoitzari buruz adostutako baldintzetan.

Hala dagokionean, master amaierako lana defendatu aurretik idatzizko txosten bat betetzea.

Bosgarrena. Praktiketako ikasleen eta doktoregaien eskubideak eta betebeharrak.

  1. Kanpoko praktika akademikoak egiten diharduten bitartean, eskubide hauek izango dituzte ikasleek:

    1. Dagokion praktikak dirauen bitartean, unibertsitateko irakasle baten eta praktika egingo duen erakunde laguntzailean lan egiten duen profesional baten babesa izango du.

    2. Ebaluaziorako eskubidea, Unibertsitateak zehazturiko irizpideen arabera.

    3. Erakunde laguntzailean egingo ditu praktikak, eta horren txosten bat jasoko du; bertan aipatuko da zer jarduera egin duen, horren iraupena eta, ikasleari dagokionez, baita izan duen etekina ere; hori Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen EHUko Araudiaren IV. eranskinean adierazten den ereduaren arabera zehaztuko da.

    4. Hala erabakitzen den kasuetan, erakunde laguntzailearen ekarpen ekonomikoa jasotzea, ikasketetarako poltsa edo laguntza gisa.

    5. Jabetza intelektual eta industrialerako eskubidea izango dute, arloan arloko legediak arautzen dituen baldintzetan, ikasleek eskubide horren lagapen edo transmisiorako dokumentua sinatu duten kasuetan izan ezik.

    6. Erakunde laguntzailearen aldetik segurtasunaren eta laneko arriskuen araudiari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

    7. Bere jarduera akademikoa, prestakuntzakoa, ordezkaritzakoa eta parte hartzekoa bete ahal izatea, erakunde laguntzaileari garaiz jakinaraziz gero.

    8. Desgaitasuna duten ikasleek baliabide nahikoak izateko, informazioa eta ebaluazioa jasotzeko eta praktikak aukera berdintasunean egiteko eskubidea.

    9. Desgaitasunen bat duten ikasleek eskubidea dute, halaber, praktikak eta desgaitasun-egoeraren ondoriozko jarduera eta egoera pertsonalak uztartzeko.

  2. Halaber, kanpoko praktika akademikoak egiten ari direnean, ikasleek honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Unibertsitateak kanpoko praktiketarako indarrean duen araudia betetzea.

    2. Praktiken prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, erakunde laguntzaileak esleitutako irakaslearen jarraibideei jarraituz, Unibertsitateko tutorearen gainbegiradapean.

    3. Praktika egiten duten bitartean unibertsitateko tutorearekin harremanetan egotea, gerta daitekeen edozein gorabehera hari jakinaraztea, eta bitarteko segimendua egiteko eskatzen zaizkion dokumentuak eta txostenak entregatzea, bai eta amaierako memoria ere.

    4. Adostutako datan hastea erakunde laguntzailean, prestakuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea eta erakundearen funtzionamendurako, segurtasunerako eta laneko arriskuen prebentziorako arauak errespetatzea.

    5. Prestakuntza-proiektua egitea eta erakunde laguntzailearekin adostutako jarduerak arretaz betetzea, proiektuaren inguruan adostutakoaren arabera.

    6. Praktiken amaierako memoria egitea, eta, hala dagokionean, bitarteko segimendurako txostena ere bai, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen EHUko Araudiaren V. eranskinean adierazten den ereduaren arabera.

    7. Erakunde laguntzailearen barneko informazioa isilpean gordetzea, eta bere jarduerei buruzko sekretu profesionala gordetzea, praktikaldian eta ondoren.

    8. Erakunde laguntzailearen politikarekiko errespetua erakustea uneoro, eta EHUren izen ona zaintzea.

    9. Indarrean dagoen arautegian aurreikusitako beste edozein betebehar.

  3. Master amaierako lanaren edo doktorego-tesien Zuzendaritzari dagokionez, hauek dira hitzarmen honen ondoriozko eskubideak eta betebeharrak:

    1. Doktorego-tesia egiten den ikasturteari dagokion matrikula egitea, tutoretza akademiko gisa.

    2. Master amaierako lana edo doktorego-tesia adostutako egunean eta baldintzetan egiten hastea.

    3. Ordutegiak betetzea eta erakundeak ezarritako arauak betetzea.

    4. Master amaierako lana edo doktorego-tesia arduraz eta probetxuz egitea, master amaierako lanaren jarduera-planarekin edo doktorego-tesiaren ikerketa-planarekin bat etorriz eta onartutako baldintza espezifikoak betez.

    5. Master amaierako lanaren zuzendariaren idatzizko txosten bat lortzea, hura defendatu aurretik.

    6. Erakundeko master amaierako lanaren zuzendariari eta erakundeko doktorego-tesiaren zuzendariari jakinaraztea master amaierako lanaren eta doktorego-tesiaren garapen egokiari eragiten dion edozein gorabehera.

    7. EHUko tutorearekin harremanetan egotea master amaierako lana eta doktorego-tesia egin bitartean, eta tutoreari horren garapenean sor daitekeen edozein gorabeheraren berri ematea.

    8. Zorrotz gordetzea sekretu profesionala eta konfidentzialtasuna, erakundean jasotako informazioei dagokienez.

    9. Jabetza intelektuala eta industriala izatea, arloan arloko legediak arautzen dituen baldintzetan, doktoregaiek eskubide horren lagapen edo transmisiorako dokumentua sinatu duten kasuetan izan ezik.

    10. Hala erabakitzen den kasuetan, ekarpen ekonomikoa jasotzea, ikasketetarako poltsa edo laguntza gisa.

    11. Hitzarmen honen klausulek ez dute, inola ere, erakundearen titulartasunpeko jabetza intelektual eta industrialaren eskubideak laga edo eskualdatzerik ekarriko.

  4. Aurreko atalean aurreikusitako betebeharrak bete ezean, praktikak aldez aurretik bertan behera utzi ahal izango dira. Horretarako, egoeraren berri eman beharko dio EHUk edo enpresak hitzarmen honetan ezarritako Jarraipen Batzordeari, zeinak 10 eguneko epean (gehienez) ebatzi beharko baitu ea bidezkoa den praktikak aldez aurretik bertan behera uztea.

  5. Ikasleak praktiketara ez joateko aukera izango du azterketak egiteko, eta hiru egun lehenago emango dio horren berri irakasleari. Ikasleak arrazoi akademikoen edota bestelako arrazoien ondorioz praktiketara joan ezin izana irakasleari edo tutoreari azaldu beharko dio ahal bezain laster, eta, kasu horretan, tutoreak horretarako baimena eman beharko du.

    Seigarrena. Ikasleen zein doktoregaien eta Segurtasun Sailaren arteko harremanaren nolakotasuna.

    Segurtasun Sailak hitzarmen hau izenpetzeak ez du ekarriko bertan ezarritakoak eta ikasle bakoitzari buruz sinatzen diren eranskinetan espezifikoki zehaztutakoak baino konpromiso gehiago hartzea.

    Ez da inola ere lan-kontratu baten berezko betebeharrik sortuko, ikasleen eta doktoregaien eta Segurtasun Sailaren artean ezartzen den harremanak ez baitu izaera hori izango.

    Zazpigarrena. Praktiketako instruktorearen eskubideak eta betebeharrak.

  1. Eskubide hauek izango ditu erakunde laguntzaileko instruktoreak:

    1. Bere lankidetza-jardueraren aintzatespena jasotzeko eskubidea.

    2. Kanpoko praktikak erregulatzen dituen araudiaren inguruko informazioaren berri izateko eskubidea, eta prestakuntza-proiektuaren eta hura garatzeko baldintzen inguruko informazioa jasotzeko eskubidea.

    3. Unibertsitaterako sarbidea izatekoa, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa eta laguntza eskuratzeko.

    4. Etengabeko prestakuntzari lagun diezaioketen unibertsitateko instalazioak eta zerbitzuak (liburutegiak, mintegiak eta abar) erabiltzeko eskubidea. Praktiketako Programaren arduradunak venia docendiren emakidarekin batera eskatu beharko du sarbide hori, zer instalazio eta zerbitzuetara sartu nahi duen eta zergatik zehaztuta.

  2. Halaber, betebehar hauek izango ditu:

    1. Ikasleari harrera egitea eta garatu beharreko jarduera prestakuntza-proiektuan zehaztutakoaren arabera antolatzea.

    2. Ikasleen jarduerak gainbegiratzea, eta praktikaren garapena bideratu eta kontrolatzea, betiere, elkarrekiko errespetua eta ikasketarekiko konpromisoa oinarri izanda.

    3. Ikasleari erakundearen antolakuntzaren eta funtzionamenduaren berri ematea eta intereseko araudia ezagutaraztea, segurtasunaren eta lan-arriskuen arlokoa batez ere.

    4. Unibertsitateko tutorearekin koordinatzea hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honetan adierazitako jarduerak, baita praktika normaltasunez garatzeko egin behar diren prestakuntza-proiektuaren aldaketak ere; praktika hori garatzean sor litezkeen aparteko gorabeherak jakinarazi eta konpontzea, eta azterketak egiteko baimenak kontrolatzea.

    5. Amaierako txostena egitea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen EHUko Araudiaren IV. eranskinean adierazten den ereduaren arabera.

    6. Ikasleei praktikak egin ahal izateko behar duten prestakuntza osagarria ematea.

    7. Ikasleei praktikak egin ahal izateko behar dituzten bitarteko materialak ematea.

    8. Erraztasunak eta bultzada ematea ikasleek berrikuntzako, hobekuntzako eta ekintzarako proposamenak egin ditzaten.

    9. EHUko tutoreari erakunderako sarbidea erraztea, haren funtzioari dagozkion helburuak bete ahal izan ditzan.

    10. Instruktore lanetan arituta ikasleari buruzko informazioa eskuratzen badu, informazio hori isilpean gordetzea.

    11. Ikasleari laguntza eta babesa ematea erakundean dagoen bitartean, ikasleak hor egiten dituen jardueretan izango dituen beharrizan profesionalei erantzuna emateko.

      Zortzigarrena. Master amaierako lanaren jarduera-lana / Doktorego-tesiaren ikerketa-plana.

      Master amaierako lanak zuzentzeko, Masterraren Batzorde Akademikoak koordinatuko ditu egin beharreko jarduerak, eta horren berri emango die master amaierako lanen Segurtasun Saileko zuzendariei, hitzarmenaren xede diren jarduerak hasi aurretik.

      Doktoregaiak ikerketa-plan bat egingo du, honako hauek zehaztuz, gutxienez: erabili beharreko metodologia eta lortu beharreko helburuak, hori lortzeko bitartekoak eta denbora-plangintza. Doktoregaiak plana hobetzen eta zehazten jarraitu ahal izango du programan zehar, eta tutoreak eta zuzendariak bermea eman beharko diote planari.

      Plan hori doktorego-tesiaren Segurtasun Saileko zuzendariari jakinaraziko zaio jarduerak hasi aurretik.

      Bederatzigarrena. Koordinazioa.

      EHUri dagokionez, erakunde horrek berak izendatutako irakasleak jardungo du tutore akademiko lanetan, aplika daitekeen araudiaren arabera.

      Master amaierako lanen Zuzendaritzaren kasuan, honako hauek egokituko zaizkio:

      Master amaierako lanetarako ezarritako jarduera-planaren jarraipena.

      Lanen jarraipena eta ikuskapena egitea, eta sor daitezkeen arazoak konpontzea.

      Doktorego-tesien Zuzendaritzaren kasuan, honako hauek egokituko zaizkio:

      Prestakuntza eta ikerketa-jarduera EHUko Doktorego Programaren eta Master eta Doktorego Eskolaren printzipioetara egokitzen direla zaintzea.

      Ikerketa-plana eta haren aldaketak edo hobekuntzak bermatzea.

      EHUrekiko lotura-lana egitea.

      Segurtasun Sailaren aldetik, erakundeak proposatzen duen pertsona izango da ikasleen eta/edo doktoregaien zuzendaria, eta EHUko Masterreko edo Doktorego Programako Batzorde Akademikoak esleituko du.

      Zuzendariak honako funtzio hauek izango ditu:

      Ikasleen eta/edo doktoregaien lan-plana finkatzea.

      Ikasleei eta/edo doktoregaiei orientazioa eta laguntza ematea, Segurtasun Sailean dauden bitartean dituzten zalantzei eta zailtasunei buruz (Ertzaintzaren Polizia Zientifikoa).

      Hamargarrena. Jarraipen Batzordea.

      Hitzarmen hau sinatzen duten erakundeek Jarraipen Batzorde bat eratuko dute, osaera paritarioa izango duena.

      Batzorde horretan beste kide batzuk ere sartu ahal izango dira, baldin eta alderdien adostasunez izendatzen badira.

      Batzorde hori arduratuko da master eta/edo doktorego-tesien amaierako lanetan edo hitzarmena betetzean sor daitezkeen interpretazio- eta gauzatze-gorabeherak konpontzeaz.

      Hamaikagarrena. Laguntza-poltsa.

      Master amaierako lana edo doktorego-tesia egiteak ez du ekarriko ikasleei edo doktoregaiei laguntza-poltsa bat ordaintzea; beraz, jarduera horrengatik ez da inolako ordainsaririk jasoko.

      Hamabigarrena. Erantzukizunak eta aseguruak.

      EHUk erantzukizun zibileko poliza bat du hitzartuta, ikasleek master amaierako lanetan edo doktorego-tesietan eragin ditzaketen kalteak estaltzeko.

      Ez unibertsitatea ez ikasleak ez dira balizko kalteen erantzule izango, baldin eta kalte horiek erakundeko zuzendariak edo zuzendarikideak emandako agindu edo jarraibideen ondorio badira eta ez badira agertzen master amaierako lanaren jarduera-planean edo doktorego-tesiaren ikerketa-planean.

      Irakaskuntza ofizial batean matrikulatutako 28 urtetik beherako ikasleek espainiarrek, europarrek zein egoitza-baimena duten atzerritarrek eskola-asegurua dute. Era berean, EHUk istripuetarako eta osasun-laguntzarako «EHU Ikasle Asegurua» asegurua dauka kontratatuta, eta EHUn matrikulatutako ikasle guztiak estaltzen ditu, Estatuko lurralde osoan.

      Hamahirugarrena. Ikasleen edo doktoregaien datuak babestea.

      Segurtasun Sailean praktikak, master amaierako lana edo doktorego-tesia egiten duten ikasleen edo doktoregaien datuak hitzarmen honen helburuetarako soilik erabili beharko ditu Segurtasun Sailak.

      Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat etorrita eskuratu eta lagako ditu unibertsitateak datu horiek. Lege horretan ezarritakoa bete beharko du lagapenaren hartzaileak lagapenaren xedeko datuen tratamenduan. Gainera, eta araudi hori betetzeko, Segurtasun Saila behartuta dago datu horien segurtasuna bermatuko duten arau teknikoak eta antolamendukoak hartzera.

      Hamalaugarrena. Hitzarmena interpretatzeko araubidea.

      Hitzarmen honek administrazio izaera du eta, interpretatzeko eta garatzeko indarreko ordenamendu juridiko-administratiboari lotu behar zaio.

      Hitzarmen honen edo haren betearazpenaren ondorioz sor daitezkeen arazoak hitzarmen honen hamargarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeak ebatziko ditu.

      Hamabosgarrena. Hitzarmenaren indarraldia.

      Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, sinatzen den egunetik hasita, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da, alderdiek berariaz hala adostuz gero, baldin eta irakaskuntzak indarrean dagoen lege- eta erregelamendu-esparruan dagokion organoak onartu baditu eta alderdi sinatzaileetako edozeinek salaketarik jarri ez badu. Nolanahi ere, aurreikusitako jarduerak garatuko diren ikasturteko ekainaren 30a baino lehen jakinarazi beharko zaio salaketa, idatziz, beste aldeari.

      Alderdietako batek ez baldin baditu betetzen hartu dituen konpromisoak, hitzarmena indargabetzea eskatzeko eskubidea izango du besteak. Ez-betetze horren berri eman beharko zaie hitzarmenaren betearazpenaren jarraipenaz arduratzen diren alderdiei, eta haiek ebatzi beharko dute, gehienez ere 10 eguneko epean, praktikak aldez aurretik bertan behera uztea bidezkoa den.

      Hamaseigarrena. Azkentzeko arrazoiak.

      Hitzarmena azkendu egingo da hauetako bat gertatuz gero:

      Alde izenpetzaileak ados egotea edo horietako batek hamabosgarren klausulan aurreikusitako terminoetan salaketa egitea.

      Hitzarmen honen xede diren ikasketa ofizialen desagerpena.

      Hamazazpigarrena. Master amaierako lana edo doktorego-tesia amaitzea, hitzarmena iraungiz gero.

      Hitzarmena iraungi ondoren, haren xede den master amaierako lana edo doktorego-tesia egiten ari diren ikasleei eta doktoregaiei ziurtatu behar zaie horiek amaitzeko aukera.

      Eta, adostasuna eta onarpena adierazteko, lankidetza-hitzarmen honen bi ale sinatzen dituzte aldeek, hasieran adierazitako lekuan eta datan.

      Segurtasun sailburua,

      ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRóNIZ.

      Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektorea,

      NEKANE BALLUERKA LASA.

      (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik
Euskadi, auzolana