Arautegia

Inprimatu

3/1999 LEGEA, azaroaren 16koa, Euskal Herriko Zuzenbide Zibilari buruzko legea aldatzekoa, Gipuzkoako Foru Zibilari dagokionez.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 249
  • Hurrenkera-zk.: 5625
  • Xedapen-zk.: 3
  • Xedapen-data: 1999/11/26
  • Argitaratze-data: 1999/12/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak ondoko Legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

Uztailaren 1eko 3/1992 Legeak, Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzkoak, bere III. liburuan, Gipuzkoako Foru Zibilari buruzkoan, atal bakarra jaso zuen, 147garrena. Atal hartan, baserriaren eta famili ondarearen ordenazioaren inguruan Gipuzkoan dauden ohitura zibilei arau indarra aitortzen zaie eta, halaber, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako foru erakundeek behar diren bitartekoak sustatu eta bultzatuko dituztela ezartzen da, ohiturazko zuzenbidea gaurko egunean duen indarrez behin betiko jasoa gera dadin.

Hortaz, lege honen xedea da legez arautzea Gipuzkoako baserri munduan sustraituena dagoen ohitura, hau da, baserria familia barruan zatitu gabe eskualdatzea. Hala egitea komeni da, izan ere zuzenbidearen alorreko profesionalak xede hori bete dadin eragozpenak ikusten ari dira une hauetan, gero eta urriago diren abelur ustialekuak, orain inoiz baino gehiago, babes neurri sendoen beharrean daudenean.

Inguruabar desberdinak direla medio, belaunaldiz belaunaldi eskualdatu ohi diren baserri ustiaketetan nekazari gazteek jarrai dezaten eragozpenak daude gaur egun. Eragozpen horien artean, gizarte modernoan gertatzen ari diren bizimodu aldaketez gainera, bada lege hutsune bat ere: belaunaldi desberdinekoak izan arren baserrian elkarrekin bizi diren senitartekoek ondare harremanen lege-arau egokirik eza, hain zuzen.

Horregatik, bada, egokia da lege idatzi batean jasotzea eta aditzera ematea Gipuzkoan usadioz eta mendez mende indarrean iraun duten bitarteko juridikoak, behar bezala eguneratuta, posible izan dadin nekazariak, bizi dela ere, baserria bere ondorengo edo aurrekoren bati edo batzuei eskualdatu ahal izatea, horiek zein eskubide eta obligazio hartzen dituzten ziur jakinda.

Baserriko oinordetza gauzatzerakoan, senipartea ordaindu behar izatea karga handiegia izaten da maiz oinordekoarentzat eta arazoak sortu izan ditu familietan. Horregatik, hori saihesteko aukera eman behar da hala ezarri nahi den kasuetan.

Askatasun zibilaren printzipioaren arabera, jakina, hemen arautzen diren bitartekoak ez zaizkie gipuzkoarrei aginduzko zuzenbide gisa ezartzen derrigorrez; alabaina, gipuzkoarren eskura jartzen dira, egoki ikusten badute balia ditzaten.

  1. liburuko lehenbiziko idazpuruak atal bakarra du, aitorpen balioa duena eta 147. atalaren edukiaren zati bat, ohituraren indarrari dagokiona, errespetatuz, ohitura hori Gipuzkoan lehenbiziko aldiz idatziz jaso eta garatu izana aipatzen duena.

    Bigarren idazpuruan Gipuzkoako Foruak duen aplikazio eremua zehazten da, hiru alderdi nagusi bereiztuta: lurralde eremua, pertsona eremua eta, azkenik, xede eremua, berez atipiko xamarra den arren testuak dituen helburuak ondo azaltzeko beharrezkoa dena. Foruak jasotzen dituen bitartekoez zein balia daitekeen adierazten da bertan, eta bitarteko horien xedea zein den: gipuzkoar baserriaren eskualdaketa, alegia. Eremu honen azalpenean derrigorrezkoa zen gaiaren, hau da, baserriaren definizioa eta, halaber, horren interpretazio arau bat sartzea, gaia modu unitarioan hartua izan dadin trafikoari begira.

    Hirugarren idazpurua Gipuzkoako Foru Zibil berriaren muina da, hartan arautzen baitira azken helburura iristeko jartzen diren bitartekoak.

    Nekazaritzako ustialekua zatitu gabe eskualdatzeko eragozpena izan ohi da, eta oraindik ere bada, Kode Zibilak ezarritako seniparte sistema, Gipuzkoako lurralde historikoan bere horretan indarrean dagoela kontsideratzen bada behintzat. Legeak baserria zatitu gabe eskualdatu ahal izateko aukera eman nahi du, seniparte sistema zeharo bertan behera utzi gabe.

    Oinordekotzako fiduzia ere erregulatu egiten da, baserriaren oinordekotzaren ordenazioa hobetzeko bitarteko topikoa baita Bizkaiko eta Aiarako Zuzenbidearen eremuan ez ezik Gipuzkoako usadio eta ohituretan ere.

    Elkarrekiko testamentuaren araudia zehazten da, funtsezko bitartekoa baita baserria zatitu gabe eskualdatu ahal izateko eta, beraz, ezkontideek oinorde bakarra hautatzeko. Testamentua egiteko modu hori baliabide ezin egokiagoa da ondasun komunak familiaren interesen arabera xedatzeko, ordenatzeko eta banatzeko, izan ere aukera ematen du oinordetza partitzerakoan ezkontideen araudi ekonomiko berariazkoena den irabazizkoen elkartea likidatzeak sortzen dituen eragozpenak leuntzeko.

    Beste aldetik, oinordekotza itunduaren ordenazioa ere aurreko puntuetan adierazitako arrazoiengatik jaso da, baina, gainera, "heredamendua" Gipuzkoako lurralde historikoko usadioa zaharra da, nahiz eta orain arte "lausotu samarra egon den Zuzenbide Zibil komunaren arau debekuen ondorioz", Navajas Laportek adierazten duen bezala.

    Azkenik, funtsezko bi aurreikuspenek burutzen dute testuaren egitura. Lehenbizikoa, Gipuzkoako Foru Zibilak Kode Zibileko atalei buruz egiten dituen aipamenak lege hau indarrean sartzen denean kodeak duen idazketari buruz eginak direla ulertzeko jarria da, izan ere heriotzaren kausaz Kode Zibilak xedapen libreari ezartzen dizkion mugen araudia gerora aldatzeak orain proposatzen den oinordekotza sistema bertan behera geratzea ekar zezakeen bestela. Aipamen horiei izaera "estatikoa" eman izana, beraz, legegintzaren aldetik zuhurtziaz jokatzearren izan da.

    Aipatutako bigarren aurreikuspenaren arabera, legearen III. liburuari emandako idazketa baserriaren eskualdaketa zatitugabeari buruzko Gipuzkoako Ohiturazko Zuzenbidearen iraupena edo lehenbiziko idaztaldia bakarrik izango litzateke, eta ezin bestela izan, gainera. Horregatik, egoki ikusi da azpimarkatzea eguneratze hori Autonomia Erkidegoak Estatutuaren 10.5 atalaren indarrez berea duen eskumena eragotzi gabe egin dela, hark dioenez Autonomia Erkidegoari baitagokio Euskal Herria osatzen duten lurralde historikoen Zuzenbide Zibil Foral eta Bereziaren -idatzi nahiz ohizkoaren- kontserbazio, aldatze eta bilakaera, bai eta beraren indarraren lurralde-barrutiaren finkapena ere.

Lege honen edukiak uztailaren 1eko 3/1992 Legeak, Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilarenak, III. liburuan eta 147. atalean xedatutakoa indargabetu eta ordezten du.

Hona hemen uztailaren 1eko 3/1992 Legeak, Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilarenak, III. liburuan izango duen edukia.

147. atala.–

  1. – Baserriaren eta famili ondarearen ordenazioaren inguruan Gipuzkoan dauden ohitura zibilen indarra aitortzen da.

  2. – Ohitura horiek jaso eta garatzearren, Gipuzkoako Foru Zibila osatzen duten baserria mortis causa eskualdatzeari buruzko ondorengo arauak xedatu dira.

148. atala.–

Foru honek Gipuzkoako lurralde historiko osoan izango du indarra, bertako arautegi zibila denez.

149. atala.–

Foru zibil honi dagokionez, Gipuzkoako lurralde historikoan auzotartasun zibila eskuratu duen oro da gipuzkoar.

150. atala.–

Gipuzkoan kokatutako baserria duten gipuzkoarrek foru zibil honetan adierazitako baliabideak erabili ahal izango dituzte baserria eskualdatzeko, elkarrekiko testamentuari buruz 172. ataleko 2. zenbakian xedatutakoaren kalterik gabe.

151. atala.–

Baserria etxebizitzak berak eta hari lotutako gainerako eraikin, areto, lursail eta ondazilegiek osatzen dute, bai eta, baserriaren ustiaketari, ustiatzen bada, atxikitako ondasun higigarriek, aziendek eta makinek ere.

152. atala.–

Baserriaren eta hari lotutako ondasunen doako eskualdaketak aurreko atalean adierazitako guztiak hartuko ditu barruan, aurkako xedapenik ezean.

153. atala.–

Gipuzkoan indarrean daude Kode Zibilak heriotzaren kausaz xedatzeko askatasunari ezartzen dizkion mugak (III. liburuko III. idazpuruko II. atalburua), baserria zatitu gabe eskualdatzea arautzen duten ondorengo atalek xedatutakoa izan ezik.

154. atala.–

  1. – Kausatzaileak baserria eta hari lotutako ondasunak Kode Zibileko 807. ataleko aurreneko bi zenbakietan aipatzen diren nahitaezko jaraunsleetakoren baten edo, zatitu gabe, batzuen alde xedatzen baditu, onuraduna edo onuradunak baserriaren oinordeko bakarrak direla ulertuko da.

  2. – Halakoetan, eta kausatzaileak espresuki aurkakorik adierazten ez badu, baserriaren eta hari lotutako ondasunen balioa ez da sartuko seniparteak zehazteko Kode Zibileko 818. atalak xedatzen duen ondasuntzaren konputoan.

  3. – Aurreko zenbakian xedatutakoa gorabehera, baserria oinordetzan hartu duten nahitaezko jaraunsleei kausatzailearen gainerako ondaretik dagokien seniparteari egotzi beharko zaio baserriaren eta hari lotutako ondasunen balioa, senipartea ordaintzeko ez besterako.

  4. – Onuradunak seme-alabak edo ordezkapen eskubidea duten ondorengoak badira, seniparte hertsia jasoko dute, hobetzeko erabili ez den hobekuntzako herenean dagokien zatia barne dela.

  5. – Hala ordaindutako zati horren bidez gainerako nahitaezko jaraunsleen seniparteko kuota neurri berean handituko da.

    155. atala.–

  1. – Aurreko atalean xedatutakoa aplikagarria izango zaie, baita ere, baserriaren eta hari lotutako ondasunen dohaintzei, onuraduna edo onuradunak Kode Zibilak 807. ataleko aurreneko bi zenbakietan aipatutako nahitaezko jaraunsleetako bat edo batzuk badira, betiere haiek baserriak esleipen unean zuen jarduerari eusten badiote eta zatitu gabe gordetzen badute, dohaintza-emailea hil arte.

  2. – Aurreko zenbakian adierazitako dohaintzak ez dira kolazionagarriak izango, baldin eta kausatzaileak espresuki aurkakoa adierazten ez badu.

    156. atala.–

    Aurreko ataletan aipatu bezala baserriaren eta hari lotutako ondasunen balioa senipartearen konputotik kanpo uztea bidezkoa izango da bakar-bakarrik kausatzailearen edo dohaintza-emailearen heriotzaren unean onuradunak nahitaezko jaraunsle baldin badira. Ondorio horretarako ez besterako, ondorengo guztiak hartuko dira nahitaezko jaraunsletzat, bai eta oinordetza bera dagokien beste ondorengo batzuen ondorengoak ere.

    157. atala.–

  1. – Baserriaren eta hari lotutako ondasunen balioa senipartearen konputotik kanpo geratu bada, onuradunari edo onuradunei egindako esleipena ezingo dute erreklamatu ez bere senipartea osatzeko eskatzen duen nahitaezko jaraunsleak, ez aipatu gabe geratutakoak, ez eta bidegabe desjarauntsiak ere.

  2. – Esleipen horretan ez du inolako eraginik izango Kode Zibilak ezarritakoari jarraituz senipartea eskudirutan ordaindu behar izanak ere.

    158. atala.–

  1. – Nahitaezko jaraunsle diren ondorengo eta aurrekoek, baserria eta hari lotutako ondasunak senipartearen konputotik kanpo gelditu direlako, mantenua eskatzeko legezko egoeran geratu badira, baserriaren onuradunari edo onuradunei eska diezaiekete, horiek kausatzailearengatik jasotakoaren neurrian.

  2. – Aurreko puntuan xedatutako obligazioa bete egin beharko da onuradunak edo onuradunek baserria eta hari lotutako ondasunak dohaintzan jaso badituzte ere, baldin eta dohaintza-emailea hiltzean aurreko zenbakian aipatutako egoera gertatzen dela nabaria bada.

  3. – Liburu honetako 161. ataleko 2. zenbakian xedatutakoaren ondorioz, onuradunak edo onuradunek jabetza soila baino ez badute hartu, gozamen eskubidea duen ezkontideari eskatu beharko diote mantenua, eta hura izango da mantenu emailea onuradunari legozkiokeen baldintza beretan.

  4. – Kausatzaileak mantenua jasotzeko eskubidea ken diezaioke Kode Zibileko 853 eta 854. ataletan aipatzen den desjaraunsteko kausaren batean sartu den nahitaezko jaraunsleari.

    159. atala.–

  1. – Baserriaren eta hari lotutako ondasunen balioa senipartearen konputotik kanpo uzten bada, alargun gelditu den ezkontideak famili etxean edo famili etxebizitza modura erabiltzen den etxearen zatian bizitzen jarraitzeko eskubidea izango du.

  2. – Kausatzailea hiltzen den unean epai irmo bidez bananduta edota, era frogagarrian, bien arteko adostasunez bananduta ez dagoen ezkontideak izango du bertan bizitzen jarraitzeko eskubide hori, eta galdu egingo du berriz ezkontzen bada edo beste pertsona batekin gertatzez ezkonbizitza egiten badu.

  3. – Kausatzaileak eskubide hori ken diezaioke ezkontideari Kode Zibileko 855. atalean desjarauntsia izateko jasotzen den kausaren batean sartu bada.

    160. atala.–

    Aurreko atalean aipatu den etxean bizitzen jarraitzeko eskubide hori desberdina eta independentea da ezkontide alargunari, Kode Zibileko 834. ataletik 840. atalera bitartekoetan xedatutakoaren arabera, kausatzailearen gainerako ondarearengan dagokion eskubidetik.

    161. atala.–

  1. – Kausatzaileak baserria eta hari lotutako ondasunak 154. atalean aurreikusitakoari jarraituz xedatzen baditu, ezingo die inolako muga edo kargarik ezarri, aurreko ataletan adierazitakoak eta tokian tokiko usadio eta ohituraren arabera ezartzen direnak izan ezik.

  2. – Salbuespenez, baliozkoa izango da baserriaren eta hari lotutako ondasunen gozamena ezkontidearen alde xedatzea. Dena dela, alargunak galdu egingo du eskubide hori berriz ezkontzen bada edo gertatzez ezkonbizitza egiten badu, kausatzaileak besterik agindu ez bazuen behintzat.

    162. atala.–

  1. – Kausatzaileak baserria eta hari lotutako ondasunak 154. atalean aurreikusitakoari jarraituz xedatzen baditu, onuradunak edo onuradunek lehen zuen jarduerari eutsi beharko diote gutxienez sei urtez eta erkidegoa zatitzeko ere ezingo dute eskatu.

  2. – Bestela, onuradunak edo onuradunek nahitaezko jaraunslekideei, edo horien jaraunsleei, kopuru jakin bat ordaindu beharko diete, horiek kausatzailearengandik jaso duten guztiaren eta, baserriaren eta hari lotutako ondasunen balioa senipartearen konputotik kendu ez balitz, seniparte modura jasoko zuketenaren arteko aldearen adinakoa.

  3. – Kalte-ordain horren hartzekodunak kausatzailearen seme-alabak edo ondorengoak badira, ordaindu beharreko kopuru hori seniparte hertsian jasoko luketenaren arabera kalkulatuko da.

  4. – Nolanahi ere, kausatzaileak baserria eta hari lotutako ondasunak presenteko eskualdaketa egiten duen oinordetzako itunaren bidez xedatzen baditu, 155. ataleko 1. zenbakian adierazitakoa aintzat hartuko da.

    163. atala.–

    Baserriaren eta hari lotutako ondasunen balioa senipartearen konputotik kanpo gelditu bada eta, horren ondorioz, haren xedapena egin baino lehenagoko dohaintzaren bat ezofizioso bihurtzen bada, baserria hartutako onuradunak edo onuradunek ezingo dute murriztu dadin eskatu; gainerako nahitaezko jaraunsleek, berriz, eskatu ahal izango dute beren eskubidea defendatze aldera.

164. atala.–

  1. – Kausatzaileak ezkontidearen esku utz dezake baserriaren eta hari lotutako ondasunen oinordea izendatzeko ardura. Nahi izanez gero, gainerako ondarearen oinorde izango dena ere izendatzeko ardura eman diezaioke.

  2. – Komisarioa honako bi egoera hauetan bakarrik izendatu ahal izango da:

  1. a Kausatzaileak pertsona multzo bat izendatu bazuen horien artean oinordeak izenda daitezen.

  2. a Halakorik izendatu ez eta kausatzaileak nahitaezko jaraunsleak utzi baditu.

  3. – Aurreko zenbakiko 2. puntuan adierazitako kasuan, komisarioak izendatu beharko ditu oinordekoa edo oinordekoak kausatzailea hil den unean nahitaezko jaraunsle diren pertsonen edo horien ondorengoen artetik, nahiz eta aurrekoak oraindik bizi eta ondorengo horiek kausatzailearen heriotza ondoren jaiotakoak izan. Azkenean komisarioak horietako norbait baserriaren eta hari lotutako ondasunen onuradun izendatzen badu, bidezkoa izango da liburu honetako 156. Atalean jaso bezala senipartearen konputotik kanpo uztea.

    165. atala.–

    Komisarioa notario aurrean edo eskritura publikoan egindako testamentu irekiaren bidez izendatu beharko da. Eskritura hori ezkontzako hitzarmeneko eskritura ere izan daiteke.

    166. atala.–

  1. – Komisarioak kausatzaileak ezarritakoaren arabera beteko ditu bere eginkizunak.

  2. – Bestela, kausatzaileak izango zituzkeen ahalmen berberak izango ditu, foru honetako aukerak barne. Dena dela, komisarioak ezingo luke errebokatu kausatzailearen testamentua, ez osorik ez zati batean, horretarako espresuki baimendua izan ez balitz.

    167. atala.–

  1. – Kausatzailea hil edo epaileak hildakotzat jo eta sei hilabeteko epean, komisarioak oinordetzan dauden ondasun, eskubide, karga eta betebehar guztien inbentarioa egin beharko du, eta oinordeko izan daitezkeenei horren edukiaren berri eman beharko die.

  2. – Inbentario hori eskritura publiko bihurtuko da oinordeko izan daitekeen edozeinek hala eskatzen badu.

    168. atala.–

  1. – Oinordetza aditzera ematen eta jaraunspena onartzen den arte, kausatzaileak horretarako izendatu zuen pertsonak administratuko du ondasuntza.

  2. – Inor izendatu ezean, komisarioak berak hartuko du eginkizun hori.

    169. atala.–

  1. – Kausatzaileak epe jakin bat jar diezaioke komisarioari bere ahalordea burutu dezan. Ezkontidea ondasunen biziarteko gozamenduna ere baden kasuetan, epe hori haren bizitza guztirako izan daiteke gozamenean utzitako ondasunei dagokienez.

  2. – Mugatu ez bada, epea urtebetekoa izango da kausatzailea hiltzen denetik edo epaileak hildakotzat jotzen duenetik hasita, oinordeko izan daitezkeen guztiak adin nagusikoak badira edo burujabeturik badaude; bestela, oinordekorik gazteenak hemezortzi urte betetzen dituenetik edo burujabetzen denetik hasita.

    170. atala.–

  1. – Komisarioak eskritura publiko bidez egin dezake oinordearen edo oinordeen izendapena. Horrez gain, bere testamentuan ere izenda ditzake, baldin eta biziarteko gozamenean dituen ondasunak xedatzen baditu eta horiek xedatzeko epe laburragorik ezarri ez bazaio.

  2. – Komisarioak eskritura publikoan egindako ordenazioa errebokaezina izango da. Testamentuan egindakoa errebokagarria izango da hura hil artean.

    171. atala.–

    Testamenturako ahalordea iraungi egingo da:

  1. a Horretarako ezarritako epea bukatzen bada.

  2. a Komisarioaren geroztikako heriotza, ezintasun edo ezgaitasuna gertatzen bada.

  3. a Ahalordea eman ondoren banantzeko, dibortziatzeko edo ezkontza deuseztatzeko demanda aurkezten bada.

  4. a Komisarioa geroztik ezkontzen bada edo gertatzez ezkonbizitza egiten badu, kausatzaileak espresuki aurkakoa adierazi zuenean izan ezik.

  5. a Uko eginez gero.

  6. a Komisarioa kausatzailearekiko edo haren ondorengoekiko oinorde izateko ezduintasuna dakarren kausaren batean sartu bada.

  7. a Ahalordean aurreikusitako kausez.

  8. a Errebokazioz.

172. atala.–

  1. – Elkarrekiko testamentuaren bidez ezkontideek agiri bakar batez xeda dezakete baserriko oinordetza, eta beren gainerako ondasun guztiak ere xeda ditzakete hartan.

  2. – Elkarrekiko testamentua egin ahal izateko, gutxienez ezkontide batek bete behar ditu aplikagarria izateko foru honek ezarritako baldintzak.

    173. atala.–

    Elkarrekiko testamentua irekia izango da beti, eta notario aurrean egin beharko da.

    174. atala.–

  1. – Ezkontza deuseztatzeko, dibortziatu edo banantzeko epaiek eraginik gabe utziko dituzte ezkontideek elkarrekiko testamentuan elkarri aitortutako liberalitateak.

  2. – Epai horiek, halaber, eraginik gabe utziko dituzte ezkontideren batek bere jaraunspenari buruz egindako xedapenak ere, horien kausa bestearen xedapenetan datzanean.

  3. – Elkarrekiko testamentuan ondareari dagokionez emandako xedapen guztiek elkarrekikotasun izaera hori dutela joko da, aurkako frogarik ezean.

    175. atala.–

  1. – Testamentugileak bizirik dauden bitartean, elkarrekiko testamentua errebokatu edo aldatu ahal izango dute bi ezkontideek elkarrekin, testamentua egiteko eskatzen diren baldintza berberak betez edo oinordetzako ituna eginez.

  2. – Bietako batek bakarrik errebokatu edo aldatzeko, notarioaren aurreko testamentu irekia edota oinordetzako ituna egin beharko du. Alde bakarraren errebokazioak edo aldaketak beste ezkontideari era frogagarrian jakinarazten zaionetik aurrera bakarrik izango du eragina.

    176. atala.–

  1. – Aurreko atalean aipatzen den alde bakarraren errebokazioak edo aldaketak ondoriorik baldin badu beste testamentugileak emandako xedapenen batek kausatutako xedapenen batean, eraginik gabe geratuko dira orobat elkarrekikoak diren guztiak.

  2. – Aurkako frogarik ezean, errebokatzen edo aldatzen den testamentuan ondareari dagokionez emandako xedapen guztiak elkarrekikoak direla ulertuko da.

    177. atala.–

  1. – Ezkontide bat hiltzen denean besteak ezingo ditu bere jaraunspenari buruz emandako xedapenak errebokatu ez aldatu, xedapen horien kausa lehenago hildakoaren xedapenetan badatza.

  2. – Halakoetan, aurreko ataleko 2. zenbakian aipatzen den ustezko elkarrekikotasuna izango da aplikagarria.

    178. atala.–

  1. – Bizirik gelditzen den ezkontideak ezingo ditu doako izaeraz xedatu goian aipatu legez elkarrekikoak diren xedapenetan sartutako ondasunak, elkarrekiko testamentuan berorien onuradun izendatuak ziren pertsonen alde ez bada.

  2. – Aurreko zenbakian ezarritako mugak ez du eraginik izango, elkarrekiko testamentuan bertan beste zerbait xedatu bada.

179. atala.–

Baserriaren eta hari lotutako ondasunen ordenazioa eskritura publikoaz egindako oinordetzako itunaren bidez egin ahal izango da. Itungileek ezkontzako hitzarmeneko eskritura erabil dezakete helburu horretarako.

180. atala.–

  1. – Oinordetzako ituna, baserria eta hari lotutako ondasunak presenteko eskualdaketaz edo izendatzailea hiltzen den unera arte geroratuaz egin ahal izango da.

  2. – Baserriaren eta hari lotutako ondasunen mortis causa-ko dohaintza oinordetzako ituntzat hartuko da.

    181. atala.–

    Baserria eta hari lotutako ondasunak unean bertan eskualdatzeak oinordeko izendatua izan dena haien titular bihurtzen du, itundutako mugen barruan. Ondasun horien gaineko xedapenik edo kargarik dakarren egintza oro baliozkoa izateko, izendatzailearen eta izendatuaren adostasuna beharko da.

    182. atala.–

    Oinordekoa eskualdaketa geroratuz izendatu den kasuetan, izendatzaileak kostu bidez bakarrik xeda ditzake baserria eta hari lotutako ondasunak.

    183. atala.–

    Oinordekoa oinordekotzako itunaren bidez izendatzen bada, testamentuz aurretik emandako xedapen guztiak eraginik gabe geldituko dira. Elkarrekiko testamentua egin bada liburu honetako 175. ataletik 178. atalera bitartekoetan ezarritakoa aintzat hartuko da.

    184. atala.–

    Oinordekotza itunaren bidez egindako izendapena, bakar-bakarrik izendatzailearen eta izendatuaren, edo izendatuaren ondorengoen, arteko beste itun baten bitartez edo ondorengo bi ataletan ezartzen diren kausez aldatu edo eraginik gabe utzi ahal izango da.

    185. atala.–

    Izendatzaileak izendapena erreboka dezake:

  1. a Itundutako kausak direla medio.

  2. a Ezarritako kargak eta baldintzak era larrian bete gabe uzten badira.

  3. a Izendatua ezduintasun edo desjaraunspen kausan sartzen bada.

  4. a Izendatuaren jokabideak familiako bizitza normala eragozten badu.

  5. a Izendatuaren ezkontza deuseztatuz gero, edo izendatua, banandu edo dibortziatuz gero, oinordetzako ituna ezkontza hori dela eta eman bada.

    186. atala.–

    Oinordetzako izendapena indargabetu egingo da:

  1. – Izendapena atxikia dagoen baldintza indargabetzailea betetzen bada.

  2. – Izendatua ondorengorik utzi gabe hiltzen bada edota, ondorengoak utzita ere, izendatzaileak ordezkapen eskubidea ukatu bazien.

    187. atala.–

    Aurreko bi ataletan adierazitakorik gertatuz gero, izendatuak ordainduta egindako eraikin berrien eta hobekuntzen balio eguneratua ordaindu beharko litzateke urtebeteko epean.

    188. atala.–

    Tokian tokiko usadio eta ohiturari jarraituz, izendatzaileek, edo izendatzaileak eta bere ezkontideak, eta izendatuak eta bere ezkontideak elkarbizitza itundu badute, aurreneko haietakoren bat hiltzen bada, bizirik gelditu den ezkontideak itunean gorde dituzten eskubideak eta prerrogatibak beren osoan izaten jarraituko du".

Uztailaren 1eko 3/1992ko Legeari, Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilarenari, honako erabaki gehigarri hauek eransten zaizkio:

"BIGARREN ERABAKI GEHIGARRIA

Lege honetako III. liburuan Kode Zibilari buruz egiten diren aipamenak, liburua indarrean sartzean kodeak indarrean duen idazketari egindakotzat hartu beharko dira.

HIRUGARREN ERABAKI GEHIGARRIA

  1. – Lege honek ez ditu agortzen, lehenengo aldiz aditzera eman baizik, baserriaren eta famili ondarearen ordenazioaren inguruan Gipuzkoan dauden ohitura zibilak.

  2. – Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako foru erakundeek behar diren bitartekoak sustatu eta bultzatuko dituzte Gipuzkoako Zuzenbide Zibila ikertu, aldatu eta garatu dadin, Konstituzioak eta Estatutuak ezarri bezala".

    AZKEN XEDAPEN BAKARRA

    Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta lehenbizi aipatutako hartan argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteizen, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abenduaren hamaseian.

    Lehendakaria,

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana