Ideia-lehiaketa

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko datu-irekiak berrerabiltzeko ideien lehiaketaren bigarren deialdia antolatu du, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta Bilboko, Gasteizko eta Donostiako Udalekin batera.

Ohiko galderak:

1.Zer da ideia-lehiaketa?

Ideia-lehiaketa hau Eusko Jaurlaritzak hiru Euskal Foru Aldundi eta EAEko hiru hiriburuetako Udalekin batera antolatutako ekimena da, Euskadin datu-irekiak berrerabiltzea sustatzeko asmoz. Lehiaketa hau ideia originala aurkeztean datza, zerbitzu, ikerketa, web-aplikazio edo gailu mugikorrentzako aplikazio bat sortzeko baliagarri izango dena. Horretarako deialdi honen oinarrietan zehaztutako datu-katalogoetako datu-multzoren bat erabiltzea beharrezkoa da.

2.Zein da saria?

Bi proiektu hoberenak sarituko ditugu. Sariak antolakuntzak zehaztuko duen ekitaldi publiko batean emango ditugu:

  • Lehenengo saria: 4000€ gordin.
  • Bigarren saria: 2000€ gordin.

3.Nork antolatzen du?

Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak iragartzen du lehiaketa hau, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren bitartez. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Bilboko, Gasteizko eta Donostiako Udalek ere lehiaketa hau antolatzen lagundu dute.

4.Nork har dezake parte?

Nahi duen edozein pertsona fisiko edo juridikok har dezake parte, Administrazio Publikoak eta beraien sektore publikoaren barruan dauden erakundeak izan ezik.

Horretaz gain, pertsona fisikoak banaka edo taldeka har dezakete parte lehiaketan. Sari bakoitza ideia bakar bati emango zaio, parte hartu duten pertsonen kopurua kontuan hartu gabe eta pertsona bakoitzeko ideia bat baino gehiago aurkeztea posible izanik.

5.Zein baldintza bete behar ditut?

Aurkeztutako proiektuak honako datu-katalogo hauetako datu-multzo bat gutxienez erabili beharko du:

6.Zein da izen-emate epea?

Izen-emate epea 2018ko maiatzaren 22tik ekainaren 30era bitartean izango da. Guztira 40 egun naturale iraungo du. Ezarritako epez kanpo aurkeztutako hautagaitzarik ez da onartuko.

7.Nola eman dezaket izena?

Izen-ematea doan da.

Lehiaketaren oinarriak aldez aurretik irakurri behar dituzu zure hautagaitza bidali baino lehen. Horretarako, zure proiektua inskribitu beharko duzu eskuragarri jarriko dugun formularioaren bitartez, epea zabaltzen denean.

Formulario horretan zure proiektua azaltzen duen dokumentua erantsi beharko duzu (gehienez 2000 hitz).

8.Nola baloratuko dituzue hautagaitzak?

Epaimahaiak 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango dio hautagaitza bakoitzari (gutxienez 5 puntu lortu behar dira), honako irizpide hauek kontuan hartuta:

  • Baliagarritasuna: ebazten den arazoaren magnitudea eta hartzaile potentzialen kopurua hartuko dira aintzat (0-2 puntu).
  • Balio ekonomikoa: proiektutik abiatuta negozioa sortzeko edota errentagarritasuna lortzeko aukera (0-2 puntu).
  • Balio publiko eta soziala: administrazio publikoen gardentasuna sustatzea eta balio sozial eta publikoa sortzeko ahalmena izatea (0-2 puntu).
  • Izaera berritzailea: proiektua disruptiboa eta berria izatea (0-2 puntu).
  • Bideragarritasuna: proiektutik abiatuta zerbitzu berri bat, ikerketa, web-aplikazio edo gailu mugikorretarako aplikazio bat sortzeko erraztasuna (0-1 puntu).
  • Kalitatea eta argitasuna: aurkezpenaren koherentzia- eta argitasun-maila (0-1 puntu).

Antolatzaileekin harremanetan jar zaitezke edozein galdera edo iradokizunik bidaltzeko.

Euskadi, auzolana